XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geratzen dena bi basotan banatzen dugu.

Izutu xamarrak gaude whisky hutsa edatera goazelako; bere zaporeak keinu bitxiak eta dardara mingotsak eragiten dizkigu.

Baina, geroxeago, abesteari ekiten diogu, biok abesti desberdinak kantatuz aldi berean.

Ez dakit nere abestiaren letra, bakarrik hau: Etor zaitez, etor zaitez, herri ilunera, argi-oilarren dantzaldira.

Baina badakit dantzan: pelikuletako claqué-dantzaria izan nahi dut.

Nere dantza-pausoen errainua ormetan dabil jauzika; gure ahotsek portzelanazko baxera kulunkarazten dute; barre memeloa sortzen zaigu, esku ikustezin batzuk kilikak egingo balizkigute bezala.

Queenie zilipurdika hasten da, airea goldatzen du hankez, irribarre antzeko batek bere ezpain beltzak luzatzen dizkio.

Nere barnean sutan xehatzen ari diren egur enborrak bezain bero eta txinpartatsu sentitzen naiz, haizea tximinian bezain axolakabe.

Nere laguna baltsean ari da estufa inguruan, algodoizko gona xumearen azpildura behatz puntez eutsita, gausoinekoa bailitzan: Erakuts iezadazu etxera joateko bidea, ari da abesten, zapatilak zoluan kurrixka egiten diotela.

Erakuts iezadazu etxera joateko bidea.

Bi senide sartzen dira.

Oso haserre.

Ahaltsu, errieta-begiez, mingain kiskalgarriez.

Entzun ezazue esatera doazena, hitzak tarrapataka amorruzko doinua osatuz: